XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakurgai osagarria.

ZUNTZ OPTIKOAK

Argia, irrati-uhinak edo mikrouhinak bezalaxe, erradiazio elektromagnetikoa da.

Uhin hauek modulatuz argizpi bat erabil daiteke mezuak garraiatzeko irrati-uhinen modura.

Teorikoki argizpi batek eraman litzake Estatu Batuetako telefonozko komunikazio, irratsaio eta telebista-programa guztiak aldiberean.

1960an laserra asmatu zenez geroztik badugu praktikan, modulatuz gero, informazio-kopuru ikaragarriak garraia litzakeen intentsitate handiko argizpi estu bat.

Laster nabaritu zuten ordea komunikazio-injineruek eguraldi txarra egiten duenean laserra bera ere ez daitekeela oso urrun joan.

Lainoak, elurrak, euriak eta kelainoak zurgatu eta eten egiten dituzte argizpi meheak.

1966an pentsatu zen lehenengo aldiz beira-zuntzak erabil zitezkeela argizpien garraiabide gisa.

Zuntz optikoak egiteko leihotako beirak egiteko material berberak erabiltzen dira; silizea, sosa eta karea.

Baina metro bat baino gutxiagoko lodiera duen beira arrunt batek argizpia geraraziko duen bitartean, komunikaziotan erabiltzen diren zuntz optikoek kilometrotara eraman behar dute hura.

1970. urtea arte ez zen asmatu gutxienez kilometro batera argizpia anplifikaziorik gabe eramango zuen zuntzik.

Orain, ordea, kilometro batean garraiatutako argiaren %5a baino gutxiago galtzen da.

Ile baten lodiera eta bost kilometro edo gehiagoko luzera duten zuntzak lortzen dira eta lodiera bikoizteraino estaltzen dira elastikozko zorro batez, babesteko.

Gardentasun harrigarria dute.

Argizpia zuntz optiko batean zehar, altzairuzko tutu baten barnean erreboteka doan bala baten antzera joaten da.

Gainestaldurak ispilu zilindriko baten antzera jokatzen du.

Fenomeno optiko hau lehendabizi medikuntzan erabili zen, endoskopiotan, hots, gorputz barneko behaketak egiteko tresnatan.

Tutu-formako tresna malgu hauek ahotik, sudurtzulotatik, ipurtzulotik sar daitezke.

Bi zuntz-sorta izaten dituzte.

Batek argi hotz bizia sartzen du gorputzera eta besteak kolorezko irudia eramaten du sendagilearen begira.

Horrela ikus daitezke birikak adibidez, minbizirik ba ote den jakiteko.

Eta ikusi bakarrik ez, fotografiatu edo bideoan jaso ere bai.

Zuntz optikoen aplikazio guztien artean argi-uhinezko komunikazioa dateke harrigarriena.

Telefonoak jasotzen duen ahotsa ordenadore-mintzairako bat eta zero bidez kodetzen dute seinale-kodegailuek.

Diodo argi-igorle batek (LED batek) argi infragorrizko pultsu bihurtzen ditu seinale elektrikoak.

Argi hau zuntz optikoan zehar joaten da.